Goi tentsioko linea salatzeko, protestara deitu du Autopista Elektrikorik Ez taldeak larunbaterako
Ezkio-Itsaso
eta Deikaztelu arteko proiektua Espainiako 2015-2020 Energia Plangintzan ez
sartzeko eskatu nahi dio plataformak Nafarroari, eta agerraldia eskatu dio
parlamentuko industria batzordeari.
Ezkio-Itsaso (Gipuzkoa) eta Deikaztelu (Nafarroa)
arteko goi tentsioko lineak helburu garbia du, Autopista Elektrikorik Ez
taldearen ustez. "Energia enpresa multinazional handien interesak lagundu
nahi ditu", azaldu du Enrique Miranda Zizur zendeako hautetsiak. Haren
ustez, plangintzak goi tentsioko linea defenditzeko argudiorik gabe utzi du
Nafarroako Gobernua.
Nafarroako eta Gipuzkoako beharrak asetzeko,
Ezkio-Itsaso eta Orkoien (Nafarroa) arteko egungo lineak indartu nahi dituztela
azaldu du Mirandak, eta, Ezkio-Itsaso eta Deikaztelu arteko goi tentsioko
linearen bidez, berriz, esportazioak bultzatu nahi dituztela. Gobernuaren
asmoak salatzeko elkarretaratzea egingo dute larunbatean, Goi tentsioko lineari
ez lelopean. 12:00etan egingo dute,
Nafarroako Gobernuaren aurrean.
Espainiako Gobernuaren 2015-2020 Energia
Plangintzaren barne dago REE Red Electrica de Españak egin asmo duen 400
kilowatteko linea, eta plangintzari ekarpenak egiteko epea dute orain
Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak. Autopista Elektrikorik Ez taldeak
agerraldia eskatu dio Nafarroako Parlamentuko industria batzordeari:
"Tokiko administrazioek ezin dugu ekarpenik egin; horregatik, gure
argudioak Industria Ministeriora eramateko eskatu nahi diogu Nafarroako
Gobernuari". Pedro Azparren Oltzako alkateak azaldu duenez, nahitaezko
txosten teknikoa egingo dute. Martxoaren 3an amaitzen da ekarpenak egiteko
epea.
Hiru urte dira goi tentsioko linea aurkeztu
zutela, eta, Azparrenek azaldu duenez, plataformak 14.000 helegite jarri zituen
2013ko uztailean; eta herrien borondatea galdetzeko berrogei herri batzarrek
herri galdeketak egin zituzten. Urriaren 25ean aurkeztu zuten Herrien borondate
errespetatzen duen irtenbide baten aldeko adierazpena, Donostian, eta, oraingoz, 247 hautetsik eta 247
elkartek sinatu dute. Ezkio-Itsaso eta Deikaztelu lotuko lituzkeen egitasmoa
geldiarazteko eskumen zuzenik ez duten arren, plan elektrikoan ez sartzea
galdegin die Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari. Nafar gobernuaren
erantzuna udalei bizkarra ematea izan da, Azparrenen esanetan: "Argudioz
zurtz".