jueves, 20 de noviembre de 2014


Autopista Elektrikorik Ez plataformak bilera eskatu dio Lourdes Goikoetxeari


Ezkio-Itsaso eta Deikaztelu arteko proiektua Espainiako Gobernuaren 2015-2020 Energia Plangintzan ez sartzeko eskatuko dio plataformak Nafarroari. 247 hautetsik eta 247 elkartek sinatu dute goi tentsioko linearen aurkako manifestua.




Urtebete eta erdiko atzerapenarekin egin dute eskaera. Hala uste du Autopista Elektrikorik Ez taldeko bozeramaile Alberto Friasek: "Proiektua bertan behera uzteko eskatzeko mozioak onartu zituzten 220 udalek, duela urtebete. Gobernuko presidente Yolanda Barcinak ez digu erantzun, oraindik". Berriz eskatuko diote bilera Nafarroako Gobernuari. Lourdes Goikoetxea ekonomia sailburuarekin bildu nahi du plataformak. Espainiako Gobernuaren 2015-2020 Energia Plangintzaren gainean gobernuak duen iritzia jakin nahi dute, eta REE Red Electrica de Españak egin asmo duen Ezkio-Itsaso (Gipuzkoa) eta Deikaztelu (Nafarroa) arteko 400 kilowatteko linea plangintzan ez sartzeko eskatu nahi diote.

"2014-2022 plangintzari buruz hitz egin genuen manifestuan. Oraindik ez dute onartu, eta, orain, hasierako plangintza berri bati buruz ari dira", azaldu du Friasek. Plataformako kideek Ezkio-Itsaso eta Deikaztelu artean egin nahi duten linea 2015-2020 plangintzan dagoela uste dute: "Gobernua ez da gai izan kaltetutako udalekin hitz egiteko; beraz, ez dugu dudarik, plangintza berrian sartu dute proiektua". Orkoien eta Ezkabarte lotuko lituzkeen linea, berriz, 2020. urtera arte geldiarazi dute.

Urriaren 25ean aurkeztu zuten Herrien borondate errespetatzen duen irtenbide baten aldeko adierazpena, Donostian, eta, oraingoz, 247 hautetsik eta 247 elkartek sinatu dute. Ezkio-Itsaso eta Deikaztelu lotuko litukeen egitasmoa geldiarazteko eskumen zuzenik ez duten arren, plan elektrikoan ez sartzea galdegin die Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari.

Hiru urte dira goi tentsioko linea aurkeztu zutela, eta, Pedro Azparren Oltzako alkateak azaldu duenez, "gero eta biziagoa izan da proiektuaren aurkako aldarrikapena". Plataformak 14.000 helegite jarri zituen 2013ko uztailean; eta herrien borondatea galdetzeko berrogei herri batzarrek herri galdeketak egin zituzten. Erantzuna "eredugarria" izan zen Azparrenen ustez. %99,3k eman zuten goi tentsioko linearen kontrako botoa, eta %0,1ek aldekoa.

http://www.berria.eus/albisteak/104620/autopista_elektrikorik_ez_plataformak_bilera_eskatu_dio_lourdes_goikoetxeari.htm